- ‘Galaxia: Etorkizuna Argitzen’ programak lurraldeko enpresen lankidetza du helburu, eremu zientifiko-teknologikoko profilean dituzten profesionalek diziplina horiek Bizkaiko 20 ikastetxetako ikasle gazteei ezagutarazi eta hurbil diezaizkieten
STEM lanbideak Bizkaiko ikastetxeetako ikasle eta orientatzaileei hurbiltzea da “Galaxia: Etorkizuna Argitzen” proiektuaren helburua, informazio argi eta eskuragarria eskainiz, prestakuntza eta lanbideei buruz dituzten ikuspegiak zabaltzeko aukera izan dezaten. Hori lortzeko, lurraldeko enpresen laguntza behar du beraien STEM profesionalak 20 ikastetxeren esku jar ditzaten, 14 eta 17 urte bitarteko ikasleak inspiratzeko asmoz.
Hartara, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Ikaslanek, HETELek eta Innobasquek bultzatu eta “Bizkaia with the Talent” foru-estrategiari atxikitako programa honek 125 STEM profesionalen parte-hartzea behar du, ikastetxeen eskariz ikasgeletara joan eta ikasleei etorkizunean bete ahal izango dituzten lanbideak eta lanbide-esparruak ezagutzera eman diezaizkieten.
Proiektuan laguntzeko prest dauden enpresek formulario hau bete dezakete izena emateko, eta horrela, 2024-2025 ikasturtean ikastetxeen esku egongo den STEM profesionalen poltsan parte hartu ahal izango dute.
Zalantzak argitu eta lankidetza-prozesua azaltzearren, informazio-saioak antolatu dira martxoaren 27rako eta apirilaren 3 eta 10erako, proiektuaren ikuspegi orokorra eman eta talde arduradunarekin elkarrizketa-gunea irekitzeko asmoz.
‘Galaxia: Etorkizuna Argitzen’ programari buruz
Bizkaiko 14 eta 17 urte bitarteko gazteei arlo zientifiko-teknologikoko orientazio profesionala ematea da “Galaxia: Etorkizuna Argitzen” programaren helburua. Proiektu honen bidez, ezagutzera eman nahi zaizkie etorkizunean sektore honen barruan garatu ahal izango dituzten arlo eta lanbide desberdinak. Horretarako, ikastetxeetako orientatzaileek hainbat diziplinatako STEM profesionalen laguntza izango dute, eta azken hauek ikasgeletan partekatuko dituzte zuzen-zuzenean beraien esperientziak. Gainera, programak hainbat baliabide didaktiko eskainiko ditu orientazio-prozesua aberasteko.