Bizkaiko enpresetan talentuaren kudeaketa indartzeko tresna-gune berria

Área-empresas-1

2026/04/21

  • Bizkaia with the talent ekimenak ‘Enpresak’ atala abiarazi du; lurraldeko erakundeei profesionalak erakartzen, garatzen eta fidelizatzen lagunduko dieten irtenbide praktikoak eskaintzeko berariaz diseinatutako gunea.

“Bizkaia with the talent” foru-estrategiaren webguneak aurrerapauso bat eman du “Enpresak” atala gehituta. Atal berri hori berariaz diseinatu da lurraldeko enpresa-sareak profesionalak erakartzeko, integratzeko eta fidelizatzeko irtenbide praktikoak aurki ditzan. Zehazki, erakundeei gune esklusibo bat eskaintzeko helburuarekin sortu da atal berri hau, talentuaren kudeaketaren bidez haien lehiakortasuna indartzera bideratutako baliabideak eta programak zentralizatu ahal izateko.

Ingurune honetara sartzen diren konpainiek “Talentuaren autodiagnostikoa” izeneko tresna digitalarekin has dezakete beren ibilbidea; irtenbide horrek pertsonen kudeaketari dagokionez duten heldutasun-maila ebaluatzeko aukera ematen du. Autopertzepziozko galdetegi baten bidez, enpresek txosten bat eskuratzen dute gomendioekin, indarguneak identifikatzeko, aukerak detektatzeko eta beren talentu-estrategia benetako abantaila lehiakor gisa bideratzeko.

Azterketa horretatik abiatuta, atal berriak enpresentzako ibilbide bat jasotzen du, foru-estrategiaren barruan kokatutako hainbat proiektuk gidatutako bide gisa funtzionatzen duena. Erakundeen beharren eta egutegiaren arabera, askotariko programetan parte hartzeko aukera izango dute; esaterako, "Talent Strategy", "ETEentzako Labo-talentua", "Employee Journey & Experience" edo "Ekinbarri" programetan.

Horrez gain, nazioarteko talentua erakartzeko prozesuan dauden konpainiek “Place Branding & Toolbox” gunea dute eskura; Bizkaia ingurune lehiakor gisa proiektatzea helburu duen atala da. Era berean, konpainietako hautaketa-taldeentzako lagungarria da, material eta bideo espezifikoak baititu hautagaiei erraz bidali ahal izateko, horrela haien balio-proposamena indartuz eta talentu kualifikatua erakartzea erraztuz.

Ildo horretan, enpresen guneak “Welcome to Bizkaia” gida jasotzen du, nazioarteko talentuaren mugikortasuna, harrera eta integrazioa erraztea bilatzen duen tresna. Aldi berean, online irtenbide horrek konpainiei laguntzen die izapide administratibo, legal eta burokratiko guztiak argituz, nazioarteko profilen etorrera askoz ere errazagoa izan dadin.

home

Zalantzarik duzu edo laguntza behar duzu?