Bizkaia, aukeren lurraldea: nazioarteko talentua erakartzea bultzatzeko material estrategikoa

2026/04/28

  • ‘Place Branding & Toolbox’ gunearen helburua da erakundeei baliabide erabilgarriak eskaintzea, euren lantaldeetara batu daitezkeen profesionalekin parteka ditzaten; horrela, lurraldeak helmuga profesional gisa duen posizionamendua indartu nahi da.

Talentua erakartzea eta fidelizatzea da edozein enpresak gaur egungo merkatuan lehiakor izaten jarraitzeko duen erronka nagusietako bat. Erronka hori are gehiago zailtzen da nazioarteko profilak erakarri nahi direnean. Kasu horietan, ez da nahikoa proiektu profesional on bat eskaintzea; helmugarekin berarekin konbentzitu eta ilusionatu behar dira hautagaiak.

Premia horri erantzuteko eta lan hori errazteko asmoz, Bizkaia with the talent foru-estrategiak “Place Branding & Toolbox” izeneko gunea du bere “Enpresak” atalean. Atal honen helburua da erakundeei eduki esklusiboak eskaintzea, lurraldea maila globalean ingurune lehiakor gisa proiektatzeko eta, horrela, profil kualifikatuen erakarpena errazteko.

Zehazki, gune honek berariazko hainbat material eta bideo jartzen ditu hautaketa-lantaldeen eskura, harremanetan dauden nazioarteko profesionalekin zuzenean partekatzeko diseinatuta daudenak. Baliabide horien artean, enpresek PDF formatuko azalpen-dokumentu bat aurkitu eta deskargatu dezakete; agiri horren bidez, hautagaiek Bizkaiko abantaila lehiakorren erradiografia oso bat ezagutuko dute.

Horrez gain, atal berriak lurraldera bizitzera etortzeko urratsa egin duten profesionalen esperientziei ahotsa ematen die. Benetako testigantzak biltzen dituzten bideoen bidez, Bizkaiko kultura, bizimodua eta enpresa-ekosistemaren dinamismoa gertutik ezagutu daitezke.

home

Zalantzarik duzu edo laguntza behar duzu?