‘Welcome to Bizkaia’ gida jaio da, nazioarteko talentua lurraldera iristea errazteko tresna digitala

2026/03/03

  • Plataforma berriak neurrirako etorrera-planak sortzen ditu nazioarteko profesionalak Bizkaira etortzeko prozesua arintzeko, eta enpresei profil horiek modu gidatuan txertatzen laguntzen die.

Nazioarteko talentua Bizkaira ekartzea eta lurraldeko enpresa-sarearekin lotzea prozesu arinagoa da orain, “Welcome to Bizkaia” talentuari harrera egiteko gida abian jarri denetik. Plataforma digital berri honek helburu bikoitza du: batetik, nazioarteko profesionalei lekualdatze-prozesu osoan babesa ematea; eta, bestetik, enpresei euskarri erabilgarria eskaintzea profil horiek modu arin eta gidatuan kontrata ditzaten.

Bizkaia Talentek gidatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bizkaia with the talent estrategiaren barruan kokatuta, plataforma honek harrera-izapide tradizionalen korapiloak atzean uzteko aukera ematen du, prozesu hurbilago bat eskainiz. Horri esker, lurraldeak ekosistema berritzaile eta lan-merkatu globalerako prestatu gisa duen erakargarritasuna indartzen du.

Era berean, irtenbide honen berrikuntza nagusia benetako beharrei erantzuteko duen pertsonalizazio-ahalmena da. Galdetegi adimendun baten bidez, nazioarteko profesionalek euren egoera partikularrari buruzko hainbat galderari erantzun behar diete. Behin hori eginda, sistemak automatikoki berariazko ibilbide bat sortzen du, Bizkaira etortzeko prozesuan eman beharreko urrats zehatzak xehatuz: hasi bisatuak bideratzetik edo tituluak baliokidetzetik, eta bidaiatzeko, etxebizitza bilatzeko edo erroldatzeko zer dokumentazio behar duten argitzeraino.

Gainera, lurraldeko enpresek ere badute euren neurrirako irtenbidea talentua erakartzeko prozesua bizkortzeko. Nazioarteko profilak lantaldera batu nahi dituzten konpainiek euren galdetegi propioa osatzeko aukera dute, tresnak berariazko bide-orri bat itzul diezaien. Dokumentu horrek argi eta garbi adierazten die zer lan-baimen kudeatu behar dituzten, zer legezko epe bete behar dituzten eta administrazio-mailan zer baldintza eskatzen diren, burokrazia nabarmen erraztuz.

Tresna digital berri hau eskuragarri dago jada nazioarteko talentuari zein Bizkaiko enpresa-sareari bidelagun izaten hasteko. Ezagutu ezazu hemen.

home

Zalantzarik duzu edo laguntza behar duzu?