Bizkaia with the Talentek STEM talentua erakartzeko eta fidelizatzeko tresnak eskaintzen dizkie ETEei

2026/06/02

  • Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen estrategiaren urteko topaketaren bigarren edizioak Enpresei Lagun Egiteko Ibilbidean jarri du arreta, bai eta talentua erakartzeko laguntzetan eta pizgarri fiskaletan ere.

Bizkaia Aretoan izan da gaur Bizkaia with the Talent urteroko topaketaren bigarren edizioa. Estrategia hori Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen du STEM -zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika- profil profesionalen talentua garatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko, halako profilak funtsezkoak baitira lurraldearen eraldaketa digitalerako, jasangarritasunerako eta enpresa-lehiakortasunerako. Jardunaldiak enpresa, unibertsitate eta prestakuntza-zentroetako ia 400 ordezkari eta eragile-zientifiko teknologiko bildu ditu, Bizkaiko enpresa-ekosistemako beste erakunde batzuekin batera, lurraldeko ETEen lehiakortasun-erronka nagusietako bati konponbide errealen bidez heltzeko: gero eta arrakala handiagoa dago behar diren profil tekniko kualifikatuen eta eskuragarri dauden profesional espezializatuen artean.

Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurkok, topaketa inauguratzean, nabarmendu du talentua Bizkaiko lehiakortasunerako bultzatzaile nagusietako bat dela gaur egun, eta gehitu du enpresek, bereziki ETEek, ez dutela soilik teknologian, berrikuntzan edo nazioartekotzean inbertitu behar; batez ere, pertsona prestatuak behar dituztela eraldaketa energetikoa, teknologikoa eta soziala ahalbidetzeko. Basurkok azpimarratu duenez, Bizkaiko Foru Aldundia lanean ari da ETEek bakarrik aurre egin ez diezaioten erronka horri. Esan duenez, aldundiak lagundu egiten die talentua erakarri, fidelizatu eta garatu behar duten enpresei, talentuaren erakarpenetik harreraraino, eta hazteko behar dituzten profilen prestakuntzatik fidelizazioraino.

Enpresei lagun egiteko ibilbidea

Jardunaldiaren ardatz nagusietako bat Enpresei Lagun Egiteko Ibilbidea izan da, enpresa txiki eta ertainei pertsonen kudeaketa estrategikoagoa eginez aurrera egiten laguntzeko trebakuntza-programa sorta bat. Ibilbide horrek lagun egiten die erakundeei, talentuaren arloko beren ibilbide-orria egin dezaten, enplegatuaren esperientzia azter dezaten eta negozio bakoitzaren benetako beharrizanei erantzuten dien estrategia bat diseina dezaten. Gainera, antolamendu-kulturari eta lidergoari lotutako edukiak ditu, besteak beste, CEBEKek, FVEMek, Ascobik, Cecobik eta Aveq-Kimikak kudeatzen duten EkinBarri programa, enpresa-eredu berritzaileagoak, parte-hartzaileagoak eta profesionalak erakartzeko, garatzeko eta fidelizatzeko egungo erronketara egokituak bultzatzera bideratua.

Topaketan gogorarazi da Bizkaiko Foru Aldundiak talentuaren arloko laguntza ekonomikorako tresnak eskaintzen dizkiela Bizkaiko enpresei. Eremu horretan, 30.000 eurorainoko dirulaguntzak nabarmentzen dira, plantillan gutxienez bost pertsona dituzten enpresetan kualifikazio handiko profilak kontratatzeko eta aberriratzeko.

Zuzeneko laguntzekin batera, jardunaldiak langile lekualdatuentzako pizgarri fiskalen balioa nabarmendu du, tresna garrantzitsua baitira Bizkaiak kualifikazio handiko profesionalak erakartzeko duen gaitasuna indartzeko. Araubide berezi horrek aukera jasotzen du 11 urtean PFEZean abantailak aplikatzeko; besteak beste, lanaren edo jarduera ekonomikoen etekinen % 30 salbuestea, lekualdaketarekin lotutako gastu jakin batzuetatik (bidaia, etxe-aldaketa, ohiko etxebizitzaren alokairua, seme-alaben eskolatzea edo euskara- eta gaztelania-ikastaroak) % 20raino kentzea eta atzerrian tributatu duten ondare-elementuetatik eratorritako errentak salbuestea.

Talentua kudeatzeko joera globalak

Jardunaldia amaitzeko, solasean aritu dira giza baliabideen arloko nazioarteko bi erreferente nabarmen: Ainoa Irurre, Schneider Electric-eko Talentua Erakartzeko eta Employer Branding-eko Europako buruordea, eta Christopher Dottie, Europako hegoaldeko eta mendebaldeko Hays-eko eskualde-zuzendari nagusia eta Erresuma Batuak Espainian duen Merkataritza Ganberako burua. Biek talentuaren kudeaketaren arloko joera global nagusietako batzuk azaldu dituzte; esaterako, enplegu-markak nazioarteko lehiaren aurrean duen posizionamendua, kulturartekotasuna talde globaletan kudeatzea eta adimen artifizialak profil tekniko espezializatuen identifikazioan, erakarpenean eta fidelizazioan duen eragin erreala.

Programak hitzaldi hauek eskaini ditu: Bizkaia Talent-eko zuzendari kudeatzaile Amaia Jugok nazioarteko talentua erakartzeko erronkei buruz jardun du; solasean aritu dira Pevasa, Satlantis eta H2SITEko pertsonen eta talentuaren arduradunak, eta mahai-inguru bat egin da reskilling eta upskilling gaiei buruz 42 Urduliz Bizkaiko, Bizkaia Euskaltel Digital Centerreko eta Smart Grids Academyko ordezkariekin. 

Era berean, STEM talentua Bizkaiko enpresetara nola hurbildu aztertu da, hainbat ekimenen bidez, hala nola B Global Talent, Mondragon Unibertsitatearekin batera, enpresa berrikuntzako erronkei lotutako talentua erakartzeko eta garatzeko; RIEG Deusto Bizkaia, Deustuko Unibertsitateak gidatutako Berrikuntza eta Ekintzailetza Globaleko Sarea, Latinoamerikako STEM profilak identifikatzeko eta erakartzeko eta lurraldeko enpresekin konektatzeko; Study & Work, Bizkaia Talentek gidatutako programa, STEM arloetan espezializatutako nazioarteko ikasleak enpresa sarean sartzea errazten duena, praktika edo egonaldi dualen bidez; eta B STEM Company Training, Novia Salcedo Fundazioak sustatua, Bizkaiko enpresetan profil zientifiko-teknologikoak dituzten nazioarteko profesional gazteentzako prestakuntza, laguntza eta esperientzia praktikoa konbinatzen dituena.

home

Zalantzarik duzu edo laguntza behar duzu?