‘Bizkaia with the talent’ topaketaren bigarren edizioak pertsonen kudeaketako joera globalak soluzio praktikoekin lotuko ditu

Mind the gap

2026/05/19

  • Bizkaia Aretoak urtero antolatzen den ekimena jasoko du ekainaren 2an, enpresei profil kualifikatuen erakarpena eta lotura bultzatzeko eta indartzeko tresna praktikoak eskaintzeko helburuarekin.

Talentua kudeatzen jakitea funtsezkoa da gaur egungo testuinguruan erakundeen lehiakortasuna ziurtatzeko, profil tekniko espezializatuen urritasuna dagoelako  eta talentu kualifikatuak konpetentzia globala areagotzen duelako.

Horretarako, ekainaren 2an, asteartea, Bizkaia Aretoan (EHU) “Bizkaia with the talent” foru-estrategiaren urteroko bigarren topaketa antolatuko da. Profil kualifikatuak erakartzeko eta lotzeko tresna praktikoak eskaintzea izango da jardunaldi teknikoaren helburua.

“Mind the gap” lelopean egingo den saioak enpresen behar teknikoen eta lurraldean STEM profilen eskuragarritasunaren artean dagoen arrakalan jarriko du fokua. Helburua konpainiei baliabideak eskaintzea izango da, belaunaldi-aldaketa eta nazioarteko talentuaren integrazioa beren egituretan kudeatu ahal izan dezaten.

Pertsonen kudeaketako joerak

Jardunaldiaren bloke nagusia pertsonen kudeaketaren arloko nazioarteko bi erreferentziaren arteko elkarrizketa izango da: Ainoa Irurre, Europe Talent Attraction & Employer Branding Vice President Schneider Electric-en, eta Christopher Dottie, Regional Managing Europako Hegoaldeko eta Mendebaldeko Zuzendaria Hays-en eta Espainiako Britainiar Merkataritza Ganberako presidentea.

Iñigo Ochandianok (Bizkaia Talent) gidatuko duen elkarrizketaren bidez, enpresek gaur egun dituzten erronka kritikoak aztertuko dituzte, hala nola: marka enplegatzailearen posizionamendua, kulturartekotasunaren kudeaketa taldeetan eta Adimen Artifizialak profil kualifikatuen identifikazioan eta leialtasunean duen benetako eragina.

Soluzio praktikoak

Ekitaldian zehar, kasu arrakastatsuen eta soluzio errealen arteko ibilbidea egingo da, oro har, enpresa-sarerako baliabideen ibilbide integrala osatzen dutenak.

Blokearen hasieran, Amaia Jugok (Bizkaia Talent) nazioarteko talentua erakartzeko erronkak aztertutko ditu, baita Plan Estrategiko berria eta lurraldeko eskuragarri dauden palanka publiko nagusiak ere.

Jarraian, Maite Caballerok (Bizkaia Talent) erakundeei laguntzeko ibilbide-orri hori zehaztuko du, eta, ondoren, mahai-inguru bat egingo da, tokiko enpresetako pertsonen eta talentuen arduradunek beren aplikazio praktikoak partekatzeko. Kasu honetan Teresa Castrok (PEVASA), Ainhoa Alonsok (SATLANTIS) eta Nekane Fernandezek (H2SITE) azalduko dute nola txertatu dituzten tresna horiek hazkunderako barne-dinamiketan.

Gaikuntza teknikoa eta etengabeko prestakuntza ere ibilbide bateratu honen geltokietako batzuk izango dira. Peru Valdesek (Bizkaiko Foru Aldundia) moderatuko duen mahai-inguru batean, reskillingak eta upskillingak konpetentzia digitaletan duten zeregina aztertuko da, merkatuaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Estibaliz Leonek (42 Urduliz Bizkaia), Noemí Alonsok (Smart Grids Academy) eta Nerea Enbeitak (Bizkaia Euskaltel Digital Center) parte hartuko dute gune honetan.

STEM talentua erakartzea

Ibilbide honen azken fasea profesional kualifikatuak erakartzeko eta lotzeko ekimen partekatuetan oinarrituko da. Horretarako, lurraldeko hainbat proiekturen arduradunek programa espezifikoak aurkeztuko dituzte, hala nola “B Global Talent” (Maialen Mendizabal, Mondragon Unibertsitatea), “RIEG Deusto Bizkaia” (Garbiñe Henry, Deustuko Unibertsitatea), “Study & Work” (Irati Laresgoiti, Bizkaia Talent) eta “B STEM Company Training” (María Jesús Novo, Novia Salcedo Fundación).

Era berean, Carmen Méndezek (Bizkaia Talent) lurraldean martxan dauden place branding tresnak eta talentua hartzeko “Welcome to Bizkaia” gida ezagutaraziko ditu, nazioarteko profilen lurreratzea eta integrazioa errazteko.

Jardunaldian tresna guztiak zuzenean ezagutzeko, interesa duten enpresek hemen eman dezakete izena:í: https://topaketa.bizkaiawiththetalent.eus/eu/home-eu/.

home

Zalantzarik duzu edo laguntza behar duzu?