-
Martxoaren 9tik 17ra, Digital Skills Lab ekimena hartuko du 42 Urduliz Bizkaiak. Programa honi esker, Python programazio-lengoaian gaitasun berriak eskuratu ahal izango dira 42 metodologiaren bidez, hau da, irakaslerik eta eskola magistralik gabe
Teknologiaren lengoaia menderatzea gakoa da enpresa-ehunaren lehiakortasuna indartzeko. Gaur egun, lidergorako eta arlo teknikoa menderatzeko gaitasun hori Adimen Artifizialeko ezagutzari estu lotuta dago. Printzipio horri jarraiki, eta Bizkaiko profesionalek AAren hizkuntza menderatu dezaten, bueltan da Digital Skills Lab ekimenaren edizio berria.
42 Urduliz Bizkaiak bultzatutako programa hau Bizkaia with the talent foru-estrategiaren barruan kokatzen da, eta lurraldeko enpresa-ehunaren etengabeko prestakuntza eta lehiakortasuna sustatzea du helburu.
Deialdi honen proposamenak Python lengoaian programatzen ikastea du ardatz; izan ere, lengoaia hori oinarri eta motorra da Adimen Artifiziala eta datuen analisi aurreratua garatzeko. Funtsezko tresna da ezagutza digitala hurrengo mailara eramateko.
Programa Bizkaian kokatutako enpresetan lanean ari diren pertsonei zuzenduta dago. Lan-agendarekin uztartzeko diseinatutako esperientzia praktikoa eskaintzen du: 13:00etatik 18:00etara, martxoaren 9tik 17ra, 42 Urduliz Bizkaia campusean.
Metodologia disruptiboa
Prestakuntza %100 finantzatuta dago, eta 42 metodologiaren printzipioei jarraikiz garatuko da. Ikaskuntza-eredu horrek irakaskuntza tradizionalaren eskemak hautsi nahi ditu: ez dago irakaslerik, ezta eskola magistralik ere. Dinamika parte-hartzaileen arteko elkarlanean oinarritzen da, eta, bertan, erronka errealak ebatziz eta taldearen laguntzaz bereganatzen da ezagutza.
Plaza mugatuak dituen prestakuntza honetan parte hartzeko, interesdunek ikastaroko formulategia bete beharko dute.

