-
Programek, 240 ordukoak eta online formatukoak, digitalizazio energetikoaren erronkei aurre egiteko prestakuntza espezializatua eskaintzen diete jarduneko profesionalei.
Smart Grids Academy-k (SGA) hilabete honetan ireki du espezializazio teknikoko lehen bi prestakuntza-ibilbideetan matrikulatzeko epea, Adimen Artifizialean eta Zibersegurtasunean zentratuak. Programa hauek ekimenaren abiarazte operatiboa dakarte, joan den abenduan aurkeztu ondoren.
Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiaren, GAIA Klusterraren eta i-DEren (Grupo Iberdrola) lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, eta "Bizkaia with the talent" foru-estrategiaren barruan garatzen da, energia eta industria-sektorearen trebakuntza-beharrei erantzuteko helburuarekin.
Prestakuntza hori ingurune digitalizatuetan diharduten jarduneko profil teknikoentzat berariaz diseinatutako metodologia modular baten bidez egituratzen da. Zehazki, Adimen Artifizialeko zein Zibersegurtasuneko ibilbideek 240 orduko iraupena dute bakoitzak, 60 orduko lau pilulatan antolatuta, eta osorik online modalitatean ematen dira lana eta ikasketak uztartzea errazteko.
Adimen Artifizialeko programaren barruan, edukia algoritmoen aplikazioan eta azpiegituretako datuen analisian oinarritzen da; Zibersegurtasunekoak, berriz, sare adimendunen eta industria-sistemen babesa jorratzen du.
Hasierako bloke horiek aktibatu ondoren, SGAren plangintzak Industria Adimenduneko eta Sare Adimendunetako ibilbideak datorren uztailerako abiaraztea aurreikusten du. Prestakuntza-katalogo osoa trantsizio energetikorako teknologia estrategikoetako espezializazioa errazteko diseinatu da; horrela, Bizkaia berrikuntzako erreferentziazko gune gisa finkatzeko apustua indartzen da, teknologia eta talentua uztartuz sektorearen erronkei erantzuteko.
Izen-ematea eta deskontuak
Programa hauetan parte hartzea sustatzeko, SGAk deskontu-sistema bat prestatu du. Ildo horretan, egoitza soziala Bizkaian duten profesionalek eta enpresek, bai eta Global Smart Grids Innovation Hub, SGA edo GAIArekin lotura duten erakundeek ere, % 20ko deskontua dute prestakuntzaren zenbatekoan.
Horrez gain, % 10eko murrizketa dago ibilbide osoan matrikula gauzatzen dutenentzat. Informazio tekniko guztia eta plazetarako sarbidea https://smartgrids.academy/ webgunean eta info@smartgrids.academy arreta-kanalaren bidez daude eskuragarri.

