- Lurraldeko enpresetan talentua kudeatzeko estrategia aurreratuen garapena bultzatzea da ‘Bizkaia with the talent’ foru-estrategiari atxikitako programa honen helburua
San Mames estadioan antolatu zen ekainaren amaieran, Bizkaiko enpresetan talentua kudeatzeko estrategia aurreratuen garapena bultzatzea xede duen Talent Strategy programaren bigarren edizioa ixteko ekitaldia. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu eta Bizkaia Talentek Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearen lankidetzaz koordinatzen duen “Bizkaia with the talent” estrategiari atxikita dago.
Bigarren edizio hau ixteko ekitaldian izan ziren Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiko Talentu, Ekintzailetza eta Lehiakortasuneko zuzendaria; Ivan Jimenez Bizkaia Talenteko zuzendari gerentea, eta Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoa. Jardunaldian, Borja González Athletic Clubeko Negozio eta Berrikuntzako zuzendariak ere parte hartu zuen, marka enplegatzailea antolakuntzako balio eta helburuekin bat etorrita eraikitzearen garrantziaz gogoeta egiteko.
Gainera, jardunaldian, parte-hartzaileei diplomak banatu eta hitzaldi inspiratzailea antolatu zen lidergoan, kultura-eraldaketan nahiz antolaketa-garapenean trebatutako Jaume Gurt adituaren eskutik. Bertan, Gurtek enpresa parte-hartzaileak animatu zituen ikasitakoa aplikatu eta pertsonak estrategien erdigunean koka ditzaten. Topaketaren amaieran, lankidetza-dinamika bat eta networking-gune bat sortu ziren, ideien trukea eta lotura profesional berrien sorrera bultzatzeko.
Edizio honetan, lurraldeko 18 erakundek prestakuntza arrakastaz osatu dute lau multzo tematiko hauen inguruan: Negozioa, Kultura, Promesa eta Estrategia. Parte hartu duten konpainiei enplegatzaile gisa duten balio-proposamena sendotzen, enpresa-estrategia eta talentuaren kudeaketaren arteko lerrokadura hobetzen, eta pertsonengan errotuago dauden antolaketa-ereduetarantz aurrera egiten laguntzea izan da ekimenaren helburua.
Bost hilabetez, 63 profesionalek jardun dute guztira giltzarrizko alderdi hauetan sakontzen: eraldaketarako lidergoa, antolaketa-kultura sendoen eraikuntza, enplegatuari zuzendutako balio-proposamenaren pertsonalizazioa eta talentua erakarri eta eta fidelizatzeko tresna digitaen erabilera.
Ekimenean parte hartu duten enpresak hainbat sektoretakoak dira, ezagueren eta esperientzien trukea aberastuz. Hartara, hauxek dira edizio honetako enpresa parte-hartzaileak: Agintzari, AIndeep Technology Solutions, Biolan Microbiosensores, Burdinola Safer Labs, Funvisa, Teknei Taldea, Haizea Wind Group, Kategora Investments, Lawesome, Líbere Hospitality Group, Mairu, Novargi, Ormazabal, Satlantis, Sibelco, TECH friendly, TH Company eta Vicinay Marine. Konpainia hauen atxikimenduarekin, Talent Strategy komunitateak talentuaren kudeaketaren bikaintasunarekin konprometitutako 43 erakunde ditu dagoeneko.