-
Bizkaiko Ahaldun Nagusi den Elixabete Etxanobek adierazi du talentua garatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko Bizkaia with the talent estrategia aurrekontu-betearazpenaren % 93ra iritsi dela, aurreikusitako hamar milioietatik 9,3 milioi hitzartu baitira.
Bizkaiko Ahaldun Nagusi den Elixabete Etxanobe Bizkaia with the talent IV. Batzarraren buru izan da gaur goizean. Batzar horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen STEM talentua garatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko estrategia horretan konpromisoa duten 43 enpresa, ezagutza-zentro eta erakundetako ordezkariak bildu dira.
Etxanobek hitzaldian nabarmendu duenez, estrategia dagoeneko iritsi da aurrekontu-betearazpenaren % 93ra, aurreikusitako hamar milioietatik 9,3 milioi hitzartu baitira. Hala, “datu horrek erakusten du estrategiaren heldutasun-maila handia eta inplikatutako eragile guztien benetako konpromisoa. Ekintzekin ari gara aurrera egiten, enpresentzat, pertsonentzat eta Bizkaiko etorkizun lehiakorrarentzat proiektu zehatz eta erabilgarriak aktibatzen”. Ildo horretatik, azpimarratu du lehen bi urtetan soilik dagoeneko 200 enpresa prestatu dituztela talentuaren kudeaketan, 700 pertsona baino gehiagori eman zaiela gaitasun digitalen prestakuntza, eta erakarri dituela STEM esparruko kualifikazio handiko nazioarteko 90 profesional.
Bestalde, Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, 2025eko balantzea aurkeztu du. Urte hori funtsezkoa izan da STEM profilen eskariaren eta Bizkaian dagoen eskaintzaren artean dagoen arrakala murriztera bideratutako urte anitzeko estrategia hedatzeko, eta erronka hori da oraindik ere enpresa-sarearen kezka nagusietakoa, lehiakortasunari zuzenean eragiten baitio.
Enpresentzako Gaikuntza Ibilbideak trakzioa irabazi du
2025eko mugarri nagusietakoa Enpresentzako Gaikuntza Ibilbidea sendotzea izan da. Bizkaia Talent foru-sozietateak sortutako ereduari esker, enpresa-erakundeek, bereziki ETEek, batetik, talentu-kudeaketan duten heldutasun-maila autodiagnostikatu dezakete eta, bestetik, erakartzeko, fidelizatzeko nahiz gaitasunak garatzeko estrategiak garatu ditzakete.
Ibilbide honek diagnostikorako, sentsibilizaziorako (LaboTalento), prestakuntzarako (Employee Journey Experience), lidergo partekatua duten eredu berritzaileagoetara aldatzeko (ekinBarri) eta estrategiak diseinatzeko tresnak eta programak biltzen ditu, enpresak kalitatezko enplegatzaileak izan daitezen, kualifikazio handiko STEM profesionalak erakartzeko eta fidelizatzeko gaitasunarekin (Talent Strategy). Guztira, Bizkaiko berrehun enpresak hartu dute parte ibilbide horretan 2024an eta 2025ean.
Talentuaren garapena, erakarpena eta harrera indartzeko hiru proiektu berri
Halaber, batzarra baliagarria izan da Bizkaia with the talent-en irismena zabaltzen duten eta ekoizpen-sarean hautemandako beharrei erantzuten dieten hiru proiektu estrategiko berri aurkezteko:
1. Batu (Ikaslan eta Hetel)
Ikaslanek eta HETELek diseinatutako zerbitzua, Bizkaiko ETEen eta STEM esparruetan Lanbide Heziketa dualeko ikasleen arteko lotura hobetzea eta gazteei laneratzen laguntzea xede duena, eta sortzen ari den talentua eta eraldatze-prozesuan dauden enpresak konektatzen dituena.
2. Welcome to Bizkaia Gida (Bizkaia Talent)
Bizkaia Talentek tresna digital aurreratua garatu du nazioarteko profesionalei eta horien enpresei Bizkaira etortzeko eta bertan kokatzeko ibilbide pertsonalizatua eskaintze aldera. Horren bidez, informazio zehatza emango die izapideei, administrazio-urratsei eta eskura dauden zerbitzuei buruz, profilaren, jatorriaren eta egonaldi-motaren arabera. 2026. urtean jarriko da abian baliabidea.
3. Digital Skills Lab (42 Urduliz Bizkaia)
Jardunean dauden profesionalen birziklapena eta prestakuntza digitala sustatzeko diseinatutako laborategia da. Hala, prestakuntza-esperientzia laburrak (40 eta 60 ordu artekoak) eskaintzen zaizkie hauexek jorratzeko: adimen artifiziala, zibersegurtasuna, web-garapena, cloud computing eta eskari handiko beste teknologia batzuk. Bi pilotu arrakastaz gauzatu dira dagoeneko, eta 2026an hedatzen jarraituko dute.
Munduko talentua erakartzeko lurraldearen nazioarteko posizionamendua
Jardunaldian, nazioarteko STEM profilak erakartzeak dakartzan erronkak eta aukerak aztertu dira. Azken bi urteotan, enpresei zuzendutako programen bitartez, Bizkaia with the talent-ek prestakuntza zientifiko-teknologikoa duten 90 profesional erakarri ditu, bereziki ETEak; programak izugarri baliagarriak dira laguntzaz eta arrisku txikirekin gainditzeko kultura-, hizkuntza- nahiz burokrazia-oztopoak.
Ekimen horietatik hauek nabarmentzen dira: Deustu-Bizkaia Berrikuntza eta Ekintzailetza Sare Globala, Deustuko Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta; B Global Talent, Mondragon Unibertsitateak eta Aldundiak sustatuta; Study and Work, Bizkaia Talentek sustatuta; eta B STEM Company Training, Novia Salcedo fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta.
Horrez gain, Bizkaia lan egiteko eta bizitzeko lurralde erakargarri gisa kokatzea helburu duten ekintzak gauzatu dira ikus-entzunezko materialen eta sare sozial profesionaletako kanpainen bitartez, zeinak lagungarriak baitira Bizkaia marka atzerrian sendotzeko eta nazioarteko talentua hobeto erakartzeko eta fidelizatzeko.
Lurraldearen lehiakortasunerako bultzada kolektiboa
Amaiera-ekitaldian, hauxe gogorarazi du Ainara Basurkok: “Bizkaia with the talent-en aurrerapen irmoa, Talent Action Group-en parte diren 43 erakundeen konpromisoa eta talentuak lurraldearen oraingo eta etorkizuneko lehiakortasunean betetzen duen zeregin nagusia”. Ildo beretik, azpimarratu du garrantzitsua dela lankidetza publiko-pribatua zabaltzen jarraitzea eta Bizkaiak nazioartean duen proiekzioa indartzea, lan egiteko, inbertitzeko eta ekiteko lurralde erakargarri izan dadin.
Hauek dira Bizkaia with the Talent-en parte: ACICAE (Euskadiko Automobilgintza Klusterra), Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Aice-Izea (Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa), Arteche, Artizarra Fundazioa, ASLE (Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea), AVEQ-Kimika (Enpresa Kimikoen Euskal Elkartea), Bilboko Udala, Basque Food Cluster, Basque Health Cluster, Basque Maritime Cluster, BBK, BEAZ, Bilbao Ekintza, Bilbao Metropoli 30, Bizkaia Talent, BUILD INN Basque Construction Cluster, CAF Group, Cebek (Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa), CIE Automotive, Bizkaiko Foru Aldundia, EHU, Novia Salcedo fundazioa, Telefónica fundazioa, FVEM (Metal Enpresen Bizkaiko Federazioa), Gaia (Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen Elkartea), Gestamp, Hegan (Basque Aerospace Cluster), Hetel (Heziketa Teknikoko Elkartea), Iberdrola, Ikaslan Bizkaia, Inetum, Ingeteam, ITP Aero, Konfekoop (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa), Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Orkestra (Lehiakortasunerako Euskal Institutua), Petronor, Sener, Telefónica, Deustuko Unibertsitatea eta Velatia.
Informazio gehiago hemen: www.bizkaiawiththetalent.eus

