Bizkaia Euskaltel Digital Centerrek gaikuntza teknologikoa bultzatzen du 46 tailerrekin eta udazken honetarako programazio berri batekin

bizkaia-euskaltel-digital-center-00_1920x600

2026/10/06

  • Euskaltel Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako zentro honek 220 ordu baino gehiagoko prestakuntza-eskaintza du, maila guztietako profilei zuzenduta.

Eraldaketa teknologikoak gaitasun digitalekin lotutako eskaera berriei erantzuteko gai diren profesional espezializatuen eskaria areagotzen ari da. Testuinguru horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskaltel Fundazioak ekainean jarri zuten abian Bizkaia Euskaltel Digital Center (BEDC), gaitasun digitaletarako sarbidea demokratizatzeko, tokiko talentua bultzatzeko eta ekintzailetza teknologikoa sustatzeko prestakuntza- eta esperimentazio-gune teknikoa.

Ildo horretan, zentroak programazio indartu batekin ekingo dio udazkenari, lehen jarduera-hilabeteen ostean: 46 tailerrez osatutako hasierako proposamena, 220 prestakuntza-ordu baino gehiagoren baliokidea; horietatik 34 hasierako mailakoak dira eta 12 tarteko mailakoak.

Eskaintza askotariko profiletarako pentsatuta dago, eta edukiek ardatz hartzen dituzte bai gaitasun digital berriak eskuratzea, bai arlo teknologiko zehatzetan espezializatzea, bai interes pertsonalagatik tresna digitalak bereganatzea. Proposamenen artean, adimen artifizialari, Prompt Engineering-ari, tokiko chatbotei, AArekin web aplikazioak sortzeari, Blender-i, Unreal Engine-ri, Unity 3Dri, laser-ebaketari eta 3D eskaneatzeari buruzko tailerrak daude, bai eta zibersegurtasuneko, fabrikazio digitaleko eta programazioko prestakuntza ere. Programazio osoa eskuragarri dago www.bizkaiaeuskalteldigitalcenter.eus webgunean.

Garapen profesionalarekiko konpromisoa

Ekainean martxan jarri zenetik, kanpamentu teknologikoak eta herritarrei irekitako lehen prestakuntzak egin direlarik, dagoeneko 800 pertsona inguruk parte hartu dute zentroak antolatutako jardueretan, ireki eta bi hilabetera besterik ez. Prestakuntza-eskaintza aldian-aldian berritzeko eta ingurune digitalaren eskaera berriei erantzuteko pentsatuta dago, nahiz eta hasierako helburuak bere horretan jarraitzen duen: herritar guztientzat gaitasun digitaletarako sarbidea unibertsalizatzea.

Hain zuzen ere, Bizkaia Euskaltel Digital Center lanean ari da dagoeneko Lab-ak abian jartzeko: laguntza adituarekin eta jarraipen pertsonalizatuarekin proiektu praktikoak garatzera bideratutako espazio esperimentalak. Ekimen horren osagarri, euskal ekosistema teknologikoarekin lotutako ekitaldien, jardunaldien eta topaketen programazio bat egingo da, zentroa herritarren, profesionalen eta enpresen arteko lotura-gune bihurtzeko helburuarekin.

Sorreratik bertatik, BEDCren helburua da beren profilak eguneratzeaz gain Euskadiko ekoizpen-sarearen funtsezko beharrak asetu nahi dituzten pertsona eta enpresentzako topagune eta prestakuntza-gune izatea, era horretan enplegagarritasuna eta hazkunde pertsonala erraztuz.

Ekimen hau Bizkaia with the talent estrategian kokatzen da. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako estrategia horren helburua da lurraldearen lehiakortasuna indartzea, herritarren eta enpresen gaikuntza digitalaren bitartez, eta euskal ekoizpen-sareak behar duen talentua erakartzen, prestatzen eta atxikitzen laguntzea.

home

Zalantzarik duzu edo laguntza behar duzu?